jueves, 31 de mayo de 2012

Ihes egin

Gaur ere, ihes egin nahiko nuke... ihes egin nahiko nuke... ihes egin nahiko nuke...Oihartzunak eskapatzen duen bezala.

martes, 29 de mayo de 2012

Mundu hippy guatxi bat

Aurrera egin zuen, bat, bi, hiru, lau... seigarren pausuan paratu zen, seigarrena, bai, hura zen Mariaren bulegora bertoratutako seigarren aldia. Aurrekoetan ez zion kasu handirik egin, oraingoan ere, ez zuen esperantza handirik. Maria bihotz askeko pertsona horietako bat omen zen, hala errepikatzen zion Junek, behin eta berriz, 'Bihotz onekoa duk Maria, baina, pazientziaz heldu behar diok, arima askea du eta'. Eufemismotan galdu beharrik ez, hippy guatxi bat. 

Atea jo zuen, itxita zegoen eta txirrina jo zuen gero. Ate ondoko bozgorailuak The Beatlesen All you need is love joka hasi zen, 'Hobe luke Help! jotzea, egoerarekin bat egiteko', pentsatu zuen. Hala ere, oraingoan ez zuen negarrik egingo, ez. Tentuz ibili beharko zuen, hippy guatxia gogorra zen, oso; konturatu gabe labankada sar ziezaiokeen eta berton utz zezakeen, odolustuta eta lurra jota.

Txirrina jo zuen berriro, atea zabaldu eta Mariaren irribarre faltsuak agurtu zuen, 'Kaixo Mikel, aspaldiko zure berririk izan gabe. Ondo ibili zara?', galdetu zion. 'Hipokrita! Nire bizitza ez zaio bat ere axola', pentsatu zuen, 'Bai, aspaldiko, ondo esan beharko, betiko legez', erantzun zion. 'Aurrera', Mikel sartu bezain pronto atea itxi zuen Mariak, urduri zegoen, oso. Aurretik ez zuen sekula nerbiosa ikusi, odol hotzeko emakumea iruditu zitzaion ezagutu zuenean; hippy guatxitasunaren parafernaliaren azpian besterik ez zegoen, emakume hotz, hipokrita eta garratza. Pertsona txarra. Txarra. Txarra. Txarra.

Ofizina eragabeturik zegoen guztiz, tornado batek gainetik pasatuta ere ez luke hain egoera txarrean utziko. 'Barkatu, baina lapurrak sartu dira gauean eta hankaz gora utzi dute dena'. Aurpegian nabaritu zion gezurretan zebilela, 'Ez maja, ez, hemen ez da lapurrik izan', pentsatu zuen Mikelek. 'Eseri zaitez', eskatu zion Mariak. Lurretik aulki bat hartu eta horren gainera bota zen. 'Une batez itxaron beharko didazu', esan zion emakumeak eta armairura sartu zen.

Hamar minutu beranduago, haren bikia zirudien emakumearekin irten zen armairutik, 'Mikel, hau Maria II da, etxean II deitzen diogu, Bi I, zenbakiaren eta letraren arteko isilunea egin behar da; Bi I', errepikatu zuen.'Bi I? Barkatu, Bi I, baina ze izen mota da hori?', galdetu zien haserre, 'No me jodas, ze koño egin duzue armairuan hamar minutuz?'. Bi Ik paseoan ibiltzeko bizikleta bat hartu zuen lurretik eta saskian esertzeko eskatu zion Mikeli. Hark ezetz esan zion, 'Ze arraio! E.T.E. naizela pentsatzen duzu ala?'. Mikel elastikotik heldu, eta saskian esertzera behartu zuen. Abiada hartu eta armairuko atetik sartu ziren.

Juan Luis Guerraren 'Ojala que llueva cafe' kanta gorrotatzera heldu zen armairuan eman zituen egun horietan. 'Biluztu zaitez', 'Aizu neskato, niri gauzak astiro gustatzen zaizkit, orain ordu bete ezagutu zaitut...'; 'Biluzteko esan dizut, ez didazu entzun ala, biluzteko, ez da ezer pertsonala, biluztu zaitez'. Bi I biluzik zen dagoeneko, haren begirada zorrotza ikusita arropak kentzea beste erremediorik ez zuen izan. 'Listo! pozik al zaude? amak mundura ekarri ninduenean bezala nago, bueno, handiago... Eta orain zer?'. Bizikletara igo ziren berriro, neskak pedalei eragin zien, astiro.

Hiri hartako etxeen fatxadetan eskegirik zeuden bozgoragailuek salsa doinuekin deitzen zieten hiritarrei:   'Ojala que llueva cafe en el campo... ojala que llueva cafe...', gorputz biluziek Guerraren eta Montañezen abestietan galtzen ziren lurrundu arte. 'Mierda! zer izan da hori? ikusi duzu? tipo horiek baporatu egin dira!'. 'Poco a poco fui callendo en un abismo, siempre me paso lo mismo... porque yo en el amor soy un idiota... pero ella casi siempre aprovechaba...'. 'Ikuskaria izan dut! ikuskaria', otzaratik salto egin zuen Mikelek, 'Ez zaitez niregana gehiago gerturatu, ez zaitez niregana gerturatu, izotza behar dut, izotza behar dut'. 'Lasaitu zaitez, Kliak arrazakoei baino ez zaie hori gertatzen, salsak erotzen ditu... Hain ugalkorrak direnez, arraza kontrolpean izan beharra dago, eta besterik ez da behar horretarako, Chichi Peraltaren abesti bat jarri eta berotu egiten dira', argitu zion. 'No me jodas! Nor ostias zara? Non ostias nago? Kliak? Zer ostias, tipo horiek ni bezalakoak dira, pixkat altuagoak, baina ostias! Eta zu zer zara, ze jende klase zara? Arraza kontrolpean izan? Eroak, eroak'. Bi Ik lasaitzeko eskatu zion.

'Chichi Peraltaren abestiak, hondamen masiboko armak, ostias. Banekien nik, bai, Guerraren kafeak kalterik baino ezin zezakeela egin, zapatu gauetan abestia tabernatan jartzen dutenean sortzen den bero hori ez da bat ere ona osasunerako, baina, ostias. Baina trankil Mikel, trankil egon. Tipa horrek ez dizu kalterik egingo, ezin du, bestaldera bizirik eta zure onean bueltatu behar duzu, bestela ez dute ezer lortuko, ez. Trankil, mutil, lasai'. Bi I beregana hurbildu zen, 'Lasaitu zara? Ez zaitez kezkatu, egun pare bat baino ez da izango, gero etxera eramango zaitut, baina paper madarikatu hori lortu behar dugu lehengo eta zeu zara papera har dezakeen bakarra'. Mikelek ez zion tutik ulertu, 'Papera, papera, baina ze paper? Ni bakarra? nolatan bakarra? Ze ostias, ze ostias, ze ostias?', gero eta urduriago zegoen Mikel.

'Benga laztana, ez zaitez larritu', emakumea gozokiro entzun zuen lehen aldiz. Hark ikusita Maria zetorkion burura, Bi Ik ez zen batere hippy guatxi, baina haren aurpegi bera zuen, haren moduko zimurtxoak zituen kopetan... Hippy guatxiaren erruz heldu zen hara, Kliaken eta salsaren mundu madarikatu hartara, nola izan liteke ofizina txatxu bateko armairuan mundu bat sartzea? ezinezkoa zitzaion hori ulertzea, inposible.

Etxe orratz baten parera heldu ziren, zeharo nabarmentzen zen bi alturatako beste etxe guztien parean. Gora begiratu eta ez zuen gailurra ikusi, metalezko eraikina hodei artean galtzen zen. Bat-batean, soka luze batzuk bota zituzten etxaurretik. 'Arnesa jantzi ezazu eta sokara lotu', Bi Ik arnes gorri bat jantzita zuen dagoeneko, 'Emakume azkarra, denetan hain azkar badabil...', pentsatu zuen. 'Mikel, ez iezadazu esan altuerek beldurtzen zaituztenik, euskalduna zara, mendizalea eta eskalatzailea izan behar duzu por huevos', 'Estereotipoei helduta beti, por huevos, ba ez, ez naiz sekula mendira igo eta, nire potroengatik ez naizela soka horretatik igoko, flipatuta zaude ala?'. Bi Ik giltza baten bidez paralizatu zuen eta arnesa jarri zion. 'Mutilak tiratu!'. Soka goraka hasi zen, segundo eskas batzuk izan ziren, baina Mikelek gainean egin zuen, 'Eskerrak arroparik ez daramadan eta gora heldu orduko sikatu egin naizela jada'.

'Aitor, Jon, Koldo, hemengo hau Mikel duzue, bera da profezia zaharreko hautatua', argitu zien morroskoei. 'Mila urtetan itxaron zaitugu Mikel', esan zion handienak. 'Bai, eskerrak heldu zarela, ez dut uste beste milurteko bat itxaron nezakeenik, saltsak erotzen hasia nau', azaldu zion ilehoriak. Mikel barrezka hasi zen, alboetara begiratzen hasi zen, kamara ezkutuaren bila, 'Benga, esan iezadazue, non dago kamera? benga, aski da, badakit broma bat dela, nola egin duzue armairukoa?'.

Tipoak begi txarrez begiratu zioten, ezin zion barreari eutsi. Behin lasaituta, botika bat eman zioten, 'Hegan egin dezakezula sinistu ezkero hegan egingo duzu, ikusezina zarela pentsatu ezkero, ezingo zaitu beste inork ikusi. Botikak ordu erdiko iraupena du, gero normaltasunera bueltatuko zara. Kontuz ibili beharko duzu, guardek txanda aldaketa dute orain eta ordu laurden izango duzu bertora heltzeko eta papera hartzeko. Bitrinatik har ezazu eta arin bueltatu zaitez, botikaren eragina pasatu aurretik Bi Igana heldu eta berak azalduko dizu beste guztia'.

'Ikusezina naiz, ikusezina naiz, ikusezina naiz', pasilloan aurrera egin zuen Mikelek, zaindarien artean pasatu zen, haietako bati musua eman zion eta guzti, baina tipak albo batera begiratu eta inor ez ikustean aurrera egin zuen lasai. Paper madarikatuaren bitrinara heldu zen. 'Ikusezina naiz, ikusezina naiz eta laser izpiek ezin naute antzeman'. Bitrina zabaldu eta papera hartu zuen, kuriositate handia bazuen ere, ez zen irakurtzera paratu eta atzera egin zuen, Bi Iren bila. 'Ikusezina naiz, la ostia, ikusezina'. Bidean, zaindari berriekin egin zuen topo, 'Oraindik minutu batzuk ditut, ikusezina naiz, ikusezina naiz'. Taka! Zaindarietako bat lurrera jauzi zen, 'Nor izan da? Nork egin dit zangotraba?', tipoak burrukan hasi ziren, ostia garbiz. 'Ikusezina naiz, ikusezina naiz, jejeje'.

Aurrera egin eta tipo zahar batekin aurrez-aurre jo zuen Mikelek, 'Ikusezina naiz, ikusezina naiz', 'Eta ni itsua, baina ez gorra', erantzun zion zaharrak. 'Nolatan entzun nauzu? nor arraio zara?', 'Ni? nor zara zu? zu zara gonbidapenik gabe nire etxean dagoena', 'Zure etxean?', 'Nor zara mutiko?'. Mikel korrikan hasi zen, eta zahar itsuak haren atzetik hasi zen. La ostia, tipoa sasoi onean zegoen. Holako batean, horman zulo bat zabaldu zen segundo pare batez eta handik sartu zen Mikel. Bestaldetik entzun zuen zaharrak horman kontra hartutako kolpea, 'Horrek min egin behar izan dio!', esan zion Bi Iri; 'Non demontre gaude eta nor da tipo hori?', 'Papera hartu duzu?', 'Bai, baina ez dizut emango erantzun arte, nor da tipo hori?'.

Bi Ik ez zion erantzun eta Mikelek papera poltsikotik atera zuen, 'Ze ostia da hau, bingo kartoi puta batengatik etorri gara hona? Joder, jakin izan banu Paquita auzokideari eskatu izango nion pare bat oparitzeko', harridura haserre bihurtu zitzaion mutilari. 'Hau ez da bingo kartoi soil bat, ez, kartoi honetan Jaurlaritzarako hauteskundeen hurrengo data zehazturik dago', argitu zion Bi Ik. Mikelek kartoira begiratu zuen, 'Mekaguen la ostia, no jodas?', oihu egin zuen, 'baina nor koño da tipo hori?'. 'Kartoi saltzailea da'. 'Kartoi saltzailea? Ze ostia? Baina nor da?'. Bi Ik kartoia eskuetatik kendu zion Mikeli eta morroskoek Mikeli injekzioa jarri zioten lepoan.

Ohean itzartu zen, 'Laztana, berandu egingo zaigu, altxa zaitez ya, gurasoei ez zaie bat ere gustatzen berandu heltzen naizenekoetan. Mikel elegante jantzi zen aita-amaginarrebak ezagutzeko. Jatetxera heldu eta ahots ezagun batek bajutsu agurtu zuen, 'Kaixo Mikel, azkenaldian asko ikusten gara, bueno, ikusten nauzu, nik entzun baino ez zaitut egiten. Alaba zaintzen ez badidazu akabaturik zaude. Kartoia bueltan nahi dut, zuk ikusi nola egiten duzun, baina bihar goizerako bere lekuan nahi dut', barre egin zuen aitaginarrebak.

domingo, 20 de mayo de 2012

Berbak gara

Bilbo, 2012ko maiatzaren 15ean

'Hitza izan nahiko nuke', esan zenidan azaroko arratsalde euritsu hartan. 'Hitza izan nahiko nuke eta besteon buruetan galdu, inorako bidean dabilen ontziaren antzera'. Hitza zara dagoeneko, hitza zinen garai hartan. Norabide gabeko berba, ezpainetik ezpainera zabiltza lausoturik; gogoan zaitugunon elkarrizketetan galdurik.

Agur esan gabe egin zenuen alde, isilik, betiko legez. Kerouakek zapaldutako bideetan galtzeko asmoa zenuela esan zenidan behin, seguraski handik zabiltza. Baina, hemen, orain, faltan botatzen ditut zure berbetan mozkortutako gauak.

Udaberriak aurrera egin du Bilbon eta haize hotzari besoak laztantzen utzi diot lanerako bidean. Berriro ere, haizearekin bat etorri zara nigana, ondo egongo ote zara? Seguru baietz. Egunero hurbiltzen naiz buzoira, zure berri izateko zain, egunero, propaganda eta faktura artean bilatzen ditut zure hitzak. Bueltan izango gara, badakit, eta zure bidaiaren berri emango didazu hitz neurtuz, irribarre neurtuz baina ederrez.

Bai, jadanik konturatu naiz, beldurrei prudentzia deitzen diegu gehienetan. Nik mesedez eskatu nizun zuhurki jokatzeko eta zeure burua zaintzeko, ondo egongo zinela nekien arren. Ai lagun, beldur naiz, azkenaldian, ez ote naizen zuhurregia izaten ari. Zure balentria inbidiatzen dut, aske izateko behar hori. Mina dut, ametsak sokaz lotu ditut, ito arte, eta nire burua hiltzen ari naizenaren susmoa dut, beldur naiz ez ote dudan eskapatzerik izango.

Behar zaitut, orain, hemen, eta badakit egoista izaten ari naizela, baina hemen behar zaitut. Tom Waitsen Virginia Avenue sofa gainean dantzatzeko prest, astean zehar konturatu gabe mozkortzeko, sofan etzanda Alhambra pare bat hartzeko, koadernoak hitz eder eta garratzez betetzeko, nire beldurrak baretzeko.

domingo, 13 de mayo de 2012

OFF ametsak

Biluztu eta bitartean ez didazu begirada gainetik kendu, maite nauzu, oraindik; maite nauzu, gaur; maitatuko nauzu bihar? Biluzik dutxarako bidean, pasilloko bestaldetik begiratu nauzu, begiekin jarraitu nauzu, hormaren kontra paratuta irribarre bat eskapatu zaizu, irribarre egin dizut, ateko orpoan geratu zara: Gaur zure gorputzeko zoko guztiak begiztatu nahi ditut, buruan gorde nahi dut zeure gorputzaren geografia, zeure kurbak eta zuzenak. Bai, laztana, dantzan egizu; bluesman zaharren antzera, zeure azaleko errepideetan galduko naiz gaur ere; inorako bidean, zeure ahotik edango dut, zeure gorputzean bilatuko dut ene etxea.

Merezi al zaitut? maitatu nazazun merezi al dut? zurekin itzartu, zure ondoan lo hartu, merezi al ditut irribarre eder horiek? merezi al dut zure gorputzaren beroa gau hotzetan? Amore, kuttuna, laztana, my love dardarka hasten naiz zure beharra dudanetan, ez dut besterik behar, zurekin egotea baizik. Maite zaitut, inoiz beste maite zaitut. Zure absentzian galtzen naiz, zure irudia dakart burura, gau hotzetan bihotza eta gorputza masturbatzeko. 

Gainera erori zait gaua, kafeak begiak lurrundu dizkit, tabakoaren kean gorde naiz, ukiezina naiz ispiluaren aurrean. Nire gorputzeko bazter guztiak miatu ditut eta zilborrean geratu naiz. Ohean ikusi zaitut berriro, nire piercinarekin jolasean, zure atzamar lodia nire zilborzuloan biraka. Barrezka ikusi zaitut berriro eta ni, kilimetan gozo, plazerrez lehertzen.

Begiratu zaitut, kea bezain pronto hutsaldu zara eta bakarrik geratu naiz, zure usaina gordetzen duten izaretan ugerrean. Izarek hartu dituzte zeuretzako laztanak, xurgatu dituzte nire ametsak eta maitasun hitzak. Iragana isildu da eta orainaldiak oihu egin dit sofatik. Telefonoa eskegi dut. Lurrean botata, ene miserian galdu naiz, nire bizitzaren hipotekan iraulkatu naiz, bakarrizketa itsuan galduta; beldurra, planak, etorkizuna telefonoaren OFF teklari sakatuta itzali ditut.

Gorroto diot ene buruari, gorroto zaitut, zure joan-etorriek ekartzen didaten nekea higuintzen dut, zure joan-etorriak higuintzen ditut. Ez naiz Penelope eta ez naiz sekula hil-oihalak ehuntzen ariko, eta ez dut sekula ehotakoa desegingo, eman nizkizun musuak, idatzi nizkizun hitzak, esan nizkizun berbak, nirekin gordetzen ditut baina oraindik ez nago prest ene ziurtasunak zalantzan jartzeko, denbora behar dut horretarako, nire segurtasun eza gainditzeko.

Ispiluan, negarrez begiratu diot nire islari, udaberriko naufragoa bihotz nekatuko irlan, mina dut, mina dut eta ez zaitut hemen nire larritasunak baretzeko. Okan galtzen naiz komunean, ginebrak erretako barrenak negar egiten didate hemen ez zaitudalako, nire kezkak arintzen, nire ametsak elikatzen.

Azken egunotan ezin izan ditut baretu zurekin alfonbra gainean pirritan egiteko gogoak, behar zaitut, baina ez dizut minik egin nahi, ez zaitut espiral itsu honetan sartu nahi. Ez dut konplikazio berrien beharrik, nire arazoekin nahikoa dut eta ezin zaitut horiekin samatu, ezin diot karga berri horri heldu. Ezin ditut niganako zure beldurrei eta minei eutsi.

Koldarregia naiz, badakit, egoista, pertsona txarra, inkoherentea, gaixoa, dohakabea... Etiketatu nazazu, ondo dago, neuk ere neure burua etiketatzen baitut. Seguruago sentituko gara hitz artean eta horietan aitzakiak topatuko ditugu. Eta ahaztu ezazu maite izan zaitudala, ahaztu ezazu behingoz eta betirako, Gran Viako biolin jotzailearen antzera amets hutsa bihurtuko naiz denborarekin. Eta elkarrekiko ametsak ihes egiten dizutenean, ez ezazu oroipen txar gehiagorik gorde, nik ere, amets eder gisa gordeko ditut zure laztanak.

jueves, 3 de mayo de 2012

Ekaitzak erein itzazuz

Biluztu nintzazun eskatu nizun, gauari aurre egiteko beste biderik aurkitu ezinean, 'Biluztu nazazu. Biluztu nazazu'. Eta bihotzeko korapilo guztiak askatu nahian, nire bihotzean barealdia erein zenezan eskatu nizun, 'Biluztu nazazu eta gogor heldu nazazu, gogor, gogor. Ez nazazu ihes egiten utzi, ez nazazu ihes egiten utzi. Eskapismoan maistra naiz eta ez nazazu alde egiten utzi, ez nazazu eskapatzen utzi'.

Gauaren iluntasunean, gorputza laztantzeko eskatu nizun, izaretako itsaso gazian nirekin ito zintezen. Gainbeheran nindoala bidelagun nahi zintudan, behar zintudan. Argia ezin ikusirik, nire alderik ilunenean gal zintezen ekarri zintudan hona. Ekarri zintudan, preso nire kezka eta beldurretan; preso, nire duda eta bihozminean. Bilaketa antzuan murgildu zintudan, hurrengo goizean ohean izango zintudala jakinda.

'Senda nazazu, kuttuna, senda nazazu. Desertu nazkagarri honek beldurtzen nau, itotzen nau. Senda nazazu, senda nazazu'. Barkatzeko eskatu nizun behin eta berriz, errepikatu nizun behin eta berriz, 'Ondoan behar zaitut, ondoan nahi zaitut, etor zaitez nire ondora. Ez naiz inoiz trebea izan bihotz kontuetan, barka iezadazu, barka iezadazu'.  

Nire gorputzaren hegoalderako bidea hartu zenezan eskatu nizun, 'Begiratu nazazu, laztandu nazazu, ezagutu nazazu, maitatu nazazu, maitatu nazazu'. Ezin esan, esan ezin nizkizunak esan nizkizun, 'Lagundu iezadazu Iparra aurkitzen, lagundu iezadazu zeure gorputzean galtzen, zeure azalean gorde nazazu.' Bai, 'Zeure gorputzean ekaitzak ereingo ditut, erein itzazu barealdia nire bihotzean, eta sutu nazazu, kiskali izkidazu barrenak'. 

Eguraldi zakar honetan zaila zait igeri egitea, eta hotz naiz, hotz naiz, 'Piztu nazazu, berpiztu nazazu, erre iezadazu zilborra, itzarri iezadazu azala, igo izkidazu taupadak'. Hemen, orain. 'Zure beharra dut, dardaratu egidazu, gaurkoan ere zurekin izango naiz, zurekin galduko naiz, galdu zaitez nirekin'.

Betiko leloak errepikatu nizkizun, betiko dudak ekarri nizkizun; filmetan ikasiak, liburuetatik  ekarriak, kantetatik kopiatuak, plagiatuak. Bai, Desnudame, bai, Maite zaitut laztana, Besame mucho, I can't live without you, I can't stop loving you, I'll fight, As god is my witness, We'll allways have Paris... Betiko leloek erein zituzten ekaitzak, erein zituzten ametsak, barealdiak, ezereza.

martes, 1 de mayo de 2012

Zorioneko gutunak (I)


Bilbo, 2012ko urtarrilaren 23an
Kaixo Jon,

Nirekin ahaztuta egongo zara dagoeneko, seguru nago ez dituzula hondartzan eman genituen memento haiek gogoratuko, agian bai. Seguru baietz. Urte asko pasatu dira eta euri asko egin du, baina... une ederrak bizi genituen ezta? Negu euritsu eta hotz honetan, haien babesera ihes egiteko beharra sentitu dut, berotasun apur baten bila. Asko gogoratzen naiz zurekin. Zaharkitzen hasi berri, garai haiek berpizten saiatu naiz, itxaropentsu, nire gorputz tristea berpiztu dezaten. Azkenaldian galduta nabil eta oroipen artean igerian, burura etorri zaizkit egun eta gau haiek, oihalezko loreak, olatuen orroa... Gazteak ginen orduan, eta ez gara inoiz gazte izango gehiago. 

Herri hartako jaietan ezagutu genuen elkar, bidean, inorako bidean. Gorputzak eta buruak alkoholez ondo zipriztindu genituen herriko taberna eta txosnetan. Goizaldeko ordu txikitan, hondartzara bidean, musikaz mintzatu ginen -tronpetaz eta saxofoiaz-, futbolaz -futbol zalea nintzen orduan-, eta argazkigintzaz -nire kamara eskas hartaz, batez ere-. Hondartzan gozo aritu ginen, lagun artean, dantzan, kantuan... Olatuekin jolasean prakak busti nituen eta zilarrezko pultsera eder hura galdu nuen. Ez genuen aurkitu, itsasoak irentsiko zuen... seguru. Den-dena irensten du Kantauri itsasoak: ametsak, pultserak, loreak, esperantzak...

80ko hamarkada  eder hartan, udak inoiz baino luzeagoak ziren. Gure asmo bakarra ondo pasatzea zen, kezka xume gehiegi genituen tartean baina, hala ere, errez konpontzeko modukoak. Lagunekin gozatzen genituen egunak; kalean, ordu luzeak ematen genituen pipak jaten, parkeko bankuetan. Bizitzako kontu txikien inguruan aritzen ginen: notez, txutxu-mutxuez, irratian entzundako rock abestiez... eta maitasunaz, orduko maitasun sinple eta ederren inguruan solasten ginen.

Denborak atzean utzi ditu kezka haiek eta berriak ekarri dizkigu. Orain, seme-alabez mintzatzen gara, beraien notez, beren maitasunen inguruan, entzuten duten musika zaratatsuaz... Baina maiz izaten ditugu mintzagai baita, Ruperren azken diskoa, Scorseseren azken filma, Galeanoren edozein liburu eta, nola ez, geure bihotz nekatuak...

Dagoeneko konturatu naiz, besterik ez zaigu geratzen bizitzaren gauza txikiak baino. Biziki maite dut esnatzean alabak ematen didan musua, arratsaldeko lehen ordutako argiak sofan etzanda azala berotzen didanean, lagunekin izandako solasaldiak, zineman ikusitako filma eder hura, Galeano eta Sarrionandiaren testu laburrek ekartzen dizkidaten ideia eta sentipen jarioak. Eta maite ditut baita, oroimenean arakatu eta oroipen ederrak orainaldira ekartzea; maite dut zeure begirada politean berriro galtzea, zeure eskua nirearen kontra berriz sentitzea; maite dut bai.

Lana galdu nuen orain hile batzuk, orain urte bi senarretik banatu nintzen, seme-alabak nagusi egin dira eta ez naute lehen beste behar, ez dut libururik idatzi eta zu ezagutu eta urte batzura argazkilari izateko asmoak popatik bota nituen. Amets berriei leku egiteko, batzuetan, zaharrei ihes egiten utzi behar zaie, badakizu. Ez dut asmo handirik aurrera eraman, hala ere, zoriontsu izan naiz, badakit, zoriontsu izan naizela. Eta eskerrak eman nahi dizkizut, egun hartan, gau hartan, zoriontsu egin ninduzulako.

Idoia