domingo, 19 de febrero de 2012

Eklipse

Bere bihotzak jaten ari nintzela imajinatu nuen, gominola soso horiek inoiz baino gozoagoak iruditu zitzaidan. Azkena jan orduko konturatu nintzen, jadanik bihotzik ez zutela, ez dakit noizbait izan zutenik. Elurrak negua hoztu zuen, ez nuen lorik egin aspaldi; eguzkia irten zeneko azken egunetik eklipsaturik bizi ginen. 

Azken urteetan jendeak ez zuen lorik egin, ordutegiak aldatu zituzten eta dendak 24 orduz zabaltzen zituzten. Hasiera batean ez zitzaidan inportatu, denbora luzez ibiltzen nintzen irakurtzen, ibilaldi luzeagoak egiteko denbora nuen, beti gustatu izan zait asko paseatzea. Nire saltsan nengoen, mendira joaten nintzen egunero lanera sartu aurretik, eta tabernarako bidea hartzen nuen irtetean.

Lorik ez eta gehiago jaten hasi ginen, denbora gutxitan probisiorik gabe geratu ziren supermerkatuak. Presidentea telebistan agertu zen lan erreforma egin beharra zegoela azaltzeko. Onartu genuen ordu luzez lan egitea. Eklipse krisia, eklipse madarikatua.

Hamar orduz lan egitetik hamabost orduz egitera pasatu nintzen, ezetz esan nion ordu estrak egiteari. Pertsona tristea bihurtzen hasia, faltan botatzen nituen lagun arteko gau luzeak, zelaian etzan eta izarrei begiratzea. 

Kotxera sartu eta traste zahar hura martxan jarri nuen, kristalak jaitsi eta leihotik bota nuen sakelako telefonoa, azeleragailua gogor zapaldu nuen, pelikuletan ikusi bezala, ilea solte, libre. 

Motelera heldu nintzenerako 4:00ak ziren, berton ez zegoen elur arrastorik. Pertsianak jaitsi nituen, komunera sartu eta karminez idatzitako ispiluari erreparatu nion, ohe azpian begiratzeko zioen. Gitarra zahar bat topatu nuen, kapoa jarri nion eta  akordeak lotzen hasi nintzen. Eklipse aurretik ez nuen musikarik jo, atzamarrak moteldu zitzaizkidan era bat, baina pixkanaka abesti folk amerikar horren erritmoa topatu nuen. 

Telebista piztu nuen seietako albistegia ikusteko. Presidente ordea entzuteko gogorik ez, telebista amatatu eta ohera sartu nintzen. Ordu pare batez egingo nuen lo seguruenik, ez dut uste luzeagoz izango zenik. Itzartu nintzenerako pertsianak igota zeuden, gelako altzari zaharrak berri batzuek ordezkatzen zituzten, eta tipo bi ari ziren ohe berri bat muntatzen. Barkatu zaratagatik, saiatu gara ahalik eta isilen lan egiten.

Nahasirik poltsa hartu eta hanka egin nuen. Kotxea abian jarri nuen berriro, MP3a piztu eta Quique Gonzalezen disko bat jarri nuen. Me sobran motivos, pero me faltas tu sobre la cama. Aitorrekin gogoratu nintzen, azkenaldian ez nuen ikusi, ondo pasatzen genuen elkarrekin, baina pasioa baino ez zen, feeling-a ere bagenuen, baina lagunak baino ez, no way, no more. Berak ere bidaia luzeak zituen gogoko.

Azeleragailuari zapaldu nion berriro. Pequeño rock n' roll... Mi vida fuimos a volar con un solo paracaidas. Eklipse aurretik paraxutean eta delta hegalean ibiltzen ginen maiz, Aitor ikusi nueneko azken aldian hegazkinetik bota ginen. Hori bai askatasuna, adrenalinaxut deitu beharko liokete.

Taberna batean gelditu nintzen, baso bat ginebra eskatu nuen baina zerbitzariak gidatzeko baimena eskatu zidanerako damutu nintzen. Kaña bat eskatu nion. Zahartzen hasia nintzen, bai, berrogei urte betetzeko gutxi falta zitzaidan. Ez nuen senarrik, nobiorik, ezta lagun berezirik. Txortan egiteko lagunak nituen, azkenaldian lagunik ez eta tabernatako ezezagunekin oheratzen nintzen. Ez nuen konplikazioren beharrik. Seme-alabarik ezta. Bakarra munduan, bakarrik munduan.

Pare bat orduz egin nuen lo kotxean, txiza egin, alkoholaren arrastorik sumatu ez eta giltza kontaktuan sartu nuen. Enbrageari zapaldu eta lehena sartu nuen, azeleratu, bigarrena, hirugarrena, gogorrago zapaldu nion, laugarrena, bosgarrena. Hegaz nenbilela zirudien. Desertu hartan ez zegoen poliziaren arriskurik. Kotxea topera jarri nuen, leihoak zabal-zabalik. Esku batekin heldu nion bolanteari, bestearekin soinekoaren botoiak askatzen nituen bitartean. Soinekoa kendu nuen, bularretakoa gero. Libre.

Errepideko alde batean gelditu nuen kotxea, atzeko jesarlekuetan etzan nintzen, tabernan erositako sandwitchari hozka egin nion Lilithen alabak irakurri eta bitartean. Neu bai, femme fatale-a, neu bai gizatiarra, pertsona. Kuleroak kendu nituen eta eguzkitan eseri nintzen. Ez zen kotxerik pasatzen, ez zegoen giza zantzurik errepidea baino. 

Azpiko arropa atzeko jarlekura bota eta soinekoa jantzi nuen. Prisa barik gidatu nuen gertueneko herrira, etxe bi topatu nituen. Atea jo nuen lehenengoan, ahots bat entzun nuen deika bestetik, agurtu nituen, gose nintzen eta jatekorik zuten galdetu nien. Afaltzera gonbidatu ninduten. Berandu da, gera zaitez lo egitera. Gizon-emakume haiek zortzi orduz lo egiten jarraitzen zutela esan zidaten. Eklipseak barazki eta frutei baino ez die eragin, bueno, eta egin beharreko lanari; erre ez daitezen nahi badugu goizago bildu behar ditugu.

Ohea preparatu zidaten. Biluztu egin nintzenerako gelara sartu zen, ohean etzan nintzen, aurreratu eta nire ondora makurtu zen. Besoak musukatu zizkidan, sudurrarekin laztandu zidan sabela, zilborra, bera egin eta sexua musukatu zidan. Nire adin bera izango zuen. Amaitu nuenean nire besoetara etorri zen.

Batera jarraitu genuen bidea. Bueltatuko ginela hitz eman genien besteei. Ezpain politak zituen bizarrapean, ederra eta erakargarria zen. Bai. Lokartu egin zen. Suabe gidatu nuen hirira arte. Etxera heldu aurretik esnatu nuen, begirada gozoa zuen esnatzean.

Ateko sarrailak ireki nituen, bat, bi eta hirugarrena. Barrura sartu eta zerbait arraroa sumatu nuen. Mahai gainean bihotz formako gominalak topatu nituen pilula-kaxa erraldoi batean. Bihotz mina duzunerakoetan, Aitor. Atetik begiratzen ninduen Josebak, kutxa hartu eta bihotz formako pilula eskaini nion. Oheratu ginen, ez dakit zenbat orduz egin genuen lo, baina itzartu ginenerako gaua zen. Zoriontsu nintzen oso. Bere beso artean lokartu nintzen berriro. 

Luzez egin genuen lo, atzeratutako ordu guztiak berreskuratu genituen. Kalera irten ginen, gaua zen oraindik. Ez zen goizalderik egon, ez zen eguzkirik irten. Hiria hilik zen. Gominolazko bihotzak irentsi nituen, bortxaz. La, la, la. Lurra, lurra, ra, ra, ra, la, la, la. Harri bat hartu nuen eta nire azalean eguzkiak marrazten hasi nintzen. Eguzkiak marraztu nituen lurran, hormetan, kotxeetan, portaletan, teilatuetan.

0 comentarios:

Publicar un comentario en la entrada