lunes, 27 de febrero de 2012

Hondarrak

Noizbait esan nizun zure Gerda Taro izan nahi nuela, baina ez zenidan kasurik egin. Esan nizun, utziko bazenidan, zeure bidelagun izan nezakeela bizitzako gerra guztietan; lotan irudikatuko zintudala, ohearen biluztasun apalean.

Han, nonbait, begietara begiratu zintudan,  Veneziako Hasperenen zubian, Rialtokoan... Urteekin oroipenak lausotuz doaz eta zehaztugabeko begiradaz ikusten zaitut egun haietan. Gogoratzen dut baina, zurekin argazki kamerak konpartitzeko arazorik ez nuela esan nizueneko irribarre hura. Irribarre ederra zenuen orduan.

Udazken hartako arratsaldeak datozkit gogora, maitasun lanen arteko deskantsuen berba gozoak, ikasle pisu hartako ohe biluzien bihotzak. Bion argazki ganberroak sabaitik zintzilikatu genituen putzuetan zikintzeko beldurrik ez genuen urri hartan.

Eta orain, orain ez zaigu orduko besterik geratzen, irudiak baino. Izaki patetikoak bihurtu gara, geure malenkonian mozkortzen gara gauero, etorkizunik gabeko kreatura egoskorrak. Orain, esangabekoak baino ez zaizkigu geratzen, soberan esandako berba pozoituak, Facebook-en bestearen argazkiak kuxkuxeatzea.

1 comentarios:

  1. Fuas. Ze ona eta ze erreala. Batzuetan beldur pixkat ematen didazu, bete-betean asmatzen duzu.

    ResponderSuprimir